miércoles, 4 de febrero de 2009

Greba eskubidearen aldeko greba eguna burutu dute Elgoibarko ikasleek




Ikasturtea hasi zenetik Elgoibarko institutuko ikasleek zuzendaritzaren aldetik jasotako eraso guztiei aurre eginez, nahikoa helduak direla aldarrikatuta greba eskubidearen aldeko borroka eguna izan zuten atzo institutuko ikasleek. Greba eskubidearen aldeko atxikimendua bilduz, sinadura bilketa burutu ostean eta greba eskubidearen aldeko jaialdi baten ondoren greba eguna izan zuten atzo.
Elgoibarko Ikasle Abertzaleak-en oharra:
Elgoibarko ikasleek salatu duten moduan, ikasturtea hasi zenetik, zuzendaritza ikasleen hitza isilarazten eta ikasle mugimenduaren borroka geldiarazten saiatu da behin eta berriz. Ikasleen eskubidea den aldarrikatzeko eskubidea, edo eta greba eskubidea guztiz urratuz. Horrez gain, ikasle mugimendua antolatzen jardundako ikasleek behin eta berriz zuzendaritza taldekoen eta irakasleen partetik mehatxuak jasan dituztela ere salatu dute. Bi ikasleren kanporatzearen mehatxuak ere entzun dituzte ikasleon eskubideen aldeko borrokan aritutako ikasleek.
Baina egoera honen gainetik, Elgoibarko ikasleriak borrokan jarraitzeko hautua egin du. Ez die irakasle eta zuzendari autoritarioei men egingo eta horren aurrean, greba eguna izan zuten atzo, ukatua zaien eskubidearen alde, euren eguneroko eskolako jarduna eten eta euren aldarrikapena eskolako hormetatik haratago, Elgoibarko kaleetara ateratzeko.
Aurreko ostiralean, Greba eskubidearen aldeko jaialdia ospatu zuten Elgoibarko eta inguruko ikasleek Elgoibarko gaztetxean eta ordura arte aurrera eramandako borrokak isla izugarria izan zuen gau osoan zehar; sortu zen giroa ikusi besterik ez zegoen.
Beste behin ere, zailtasun askori egin behar izan zieten aurre ikasleek. Aurreko aste osoan zuzendaritzaren partetik greba egiteko ?baimena? ukatua izan ostean, greba eguna baino egun bat lehenago, grebaren inguruko bozketa egiteko aukera izango zutela esan zitzaion zuzendaritzarik Ikasle Abertzaleak-eko kide bati. Honi, ikasle guztiak abisatzeko astirik eman gabe.
Baina halere, eta egunean bertan egindako bozketa horrek lagundu ez bazuen ere ?izan ere ikasle asko eskolara hurbildu ere ez ziren egin, grebarekin bat eginda- grebaren aurrean eta zuzendaritzako kideen eta irakasleen jarrera ezkor eta une batzuetan oldarkorraren aurrean ikasleek erakutsitako indarra eta borrokarako gogoa azpimarratu nahi izan dute Elgoibarko Ikasle Abertzaleek.
Aurreko asteetan egindako greba eskubidearen aldeko sinadura bilketak eta jasotako ia %100eko atxikimenduak atzoko egunez isla izan zuten Elgoibarko Institutuan.
Elgoibarko Ikasle Abertzaleek adierazi dutenez, atzoko greba eguna, borroka oso baten adierazgarria da, baina inolaz ere borroka baten amaiera. Hemendik aurrera ere, euren eskubideen alde eta zuzendari eta irakasle autoritarioen aurkako borrokan tinko jarraituko dute.

Bai Euskarari Akordioa Herrietan mintegian esperientziak trukatzeko aukera izan dute euskalgintzako kideek

http://ukberri.net/


Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak antolatutako mintegian (argazkian), esperientziak trukatzeko eta elkarren berri izateko aukera izan dute Bai Euskarari Akordioa Herrietan egitasmoan parte hartzen duten herrietako euskalgintzako kideek. Agurainera gerturatu diren Euskalgintzako 25 kideen lan moldeak hobetzeko asmoarekin, komunikazio, segimendu eta eragite lanean abiatu dituzten ekimenen berri eman diote elkarri. "Bide batez, zenbait herrik martxan jarritako proiektuak azaldu dituzte eragileek, horiek gainerako herrietara hedatzeko asmoz", argitu dute Kontseiluko ordezkariek. Mintegiak bi zati izan ditu. Alde batetik, eragite lana aztertu dute, hau da, kideek beren esperientziak trukatu dituzte, besteak beste, "proiektu arrakastatsuenen azalpena edo erraz burutu daitezkeen egitasmoena", azaldu dutenez.

Lurralde guztietako ordezkariek izan dute beren esperientzia aurkezteko parada. Arabari dagokionez, Aguraingo herriko institutuan, proiektua gazteei hurbiltzeko asmoz egindako lana aipatu dute. Gipuzkoan, berriz, Soraluzeko kideek antolatu berri duten Normalkuntza Eguna aurkeztu dute. Horren helburua, eragileek euskara eguneroko lanetan nola erabiltzen duten azaltzea da.

Nafarroako eta Iparraldeko kideek, aldiz, zozketa desberdinak izan dituzte hizpide: Bortzirietako zozketa nafarrek eta Azkaingo zozketa iparraldekoek. Azken horiek gainera, gazteentzako marrazketa lehiaketa ere antolatu dute. Azkenik, Bizkaia aldetik, Lea-Artibaiko eragileei banatu dieten sektorekako hiztegia aurkeztu dute.

Bigarren zatia

Mintegiaren bigarren zatian, Bai Euskarari Akordioa Herrietan egitasmoa aztertu dute kide guztien artean. Izan ere, Kontseiluko Zuzendaritzak erabaki zuen iazko abenduan, herrietan garatuko den dinamika zehatzaren plangintza euskalgintzako kideak kontuan harturik egingo zela. Kontseiluko bazkideek eta herrietako euskalgintzako kideek elkarrekin definituko dute aurrerantzean jarraitu beharreko bidea. Prozesua errazteko asmoarekin txostena banatu zaie partehartzaileei. Era berean, Kontseiluaren antolakuntza eredua ere landuko dute. "Antolakuntza guztion artean hobetu dezakegu", adierazi dute antolatzaileek.

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua.
http://ukberri.net

Gaia: Euskara eta Kultura
Europan hizkuntza berdintasuna bermatzeko eskatu dute Behatokiak eta EHEk



Europaren eraikuntzan hizkuntza berdintasuna berma dadin aldarrikatu dute Hizkuntz Eskubideen Behatokiak eta Euskal Herrian Euskarazek Atenasen. Ostiral goizean, Atenasen egiten ari den Europako IV. Foro Sozialean hizkuntza gutxiagotuak izan ziren hizpide EHEk eta Babels elkarteak antolatutako mintegian. Bertan, Euskal Herriko ordezkariak (Behatokia eta EHE), Galesekoak (Cymuned), Mazedoniakoak, Kataluniakoak eta Babels itzultzaileen elkartekoak izan ziren hizlari. Parte hartzaile guztien artean, hainbat ondorio atera eta adostu zituzten, Europa berriaren eraikuntzan hizkuntzaren ikuspegitik aintzat hartu behar diren irizpideak finkatuz. Argazkiaren erdialdean, Unai Larreategi (EHE) eta Paul Bilbao (Behatokia).

Hizkuntza berdintasuna Europa berri baten eraikuntzan

Eraikitzen ari diren Europak, mendeetan kontinentean izan diren inperioek bezala, mapatik desagerrarazi nahi dituzte lurralde honetako hainbat hizkuntza-komunitate eta ondorioz, hainbat herritar.

Horrexegatik, Europa berri baterako eredua aurkeztu behar bada, ezinbestekoa da herritar guztien arteko berdintasuna zutabe izatea eta Europako berezko hizkuntzak kontuan hartzea, Europa diskriminatzaile baten sorrera sustatu nahi ez badugu behinik behin.

Europaren eredu berri horretan oreka soziala edota bereizkeriarik eza aldarrikatzen eta exijitzen badugu, alegia, berdintasunean oinarritutako Europa eraiki nahi badugu, nahitaezkoa izango da berezko hizkuntza-komunitateen eskubideak bermatuko direla propio agertzea.

Estatu gehienek, bai eta egun Europar Batasuneko instituzioek ere, joera arras baztertzailea agertu izan dute, eta geure hizkuntzetako asko hiltzeko zorian jarri izan dituzte. Gutaz urtean behin besterik ez dira oroitzen ekitaldi ikusgarriren batean. Hala ere, gu ez gara museoan ondare gisa erakutsi behar dituzten altxorrak, geure hizkuntzak biziak dira eta geure hizkuntzan bizitzeko eskubidea dugun herritarrak gara.

Horrela, Estatuetan oinarritutako Europak Estatuetako hizkuntzak besterik ez ditu kontuan hartzen, eta, beraz, Europako berezko hizkuntzei existentzia aitortu ere ez digu egiten. Halaber, Estatuen esku usten du estatu barneko hizkuntza-politika, gehienek lurraldeko berezko hizkuntza komunitateen aurkako eta hizkuntzen desagerrarazteko politikak darabiltzaten arren.

Eraikitzen ari diren Europar Batasunak ere hizkuntza komunitate gutxituak desagertzeko bidera daramatza. Herritarren oinarrizko eskubide diren hizkuntza-eskubideak ez ditu bere egiten, hizkuntza komunitateetako lurralde naturalak zatitu egiten ditu, gure hizkuntzak zokoratu egiten ditu, hizkuntza-eskubideak ez ditu oinarrizko eskubidetzat hartzen... Atzerritar bihurtu nahi gaitu geure lurraldean.

Hartara, horri guztiari aurre egiteko eta berdintasunean oinarritutako Europa bat eraikitzeko ezinbestekoa da:

- Giza hizkuntza-eskubideak eta bereizkeriarik eza bermatzeko konpromisoak eragiten dituzten hizkuntza-ondorioak adieraztea.
- Hizkuntza-aniztasunaren kontzepzio errealean oinarritzea, Europako berezko hizkuntzen arteko hierarkiarik gerta ez dadin.
- Europako berezko hizkuntza-komunitateetako herritarroi Europako erakundeekin geure hizkuntza erabiltzeko eskubidea bermatzea.
- Eskubideen bermeari babes juridikoa ematea: Europako berezko hizkuntza guztiei status ofiziala esleitzea.

Horiek guztiak kontuan hartu ezean, ez dago bestelako Europa batez hitz egiterik, aitzitik, orain arte indarrean egon diren politika murriztaileen eta diskriminatzaileen jarraitzaileak besterik ez gara izango.

Euskal Herrian Euskaraz









.

martes, 3 de febrero de 2009


http://ukberri.net/

Kanpotik etorrita ere euskara ikasi eta zabaldu duten familiak omenduko ditu Korrikak



Korrika 16k Euskal Herrira lan bila etorri, euskara ikasi eta erabili, eta ondorengo belaunaldietara transmititu duten familiak omenduko ditu, bere arduradunek Bilbon gaur jakinarazi dutenez. Horretarako, "Bidaia intimoak" dokumentala estreinatuko dute, larunbat honetan, otsailak 7, Bilboko Euskalduna Jauregian egingo duten omenaldi ekitaldiaren baitan. Dagoeneko ezaguna denez, Korrika 16ren goiburua "Ongi etorri" da, "Ongi etorri euskaraz bizi nahi dugunon herrira". Goiburu horren bidez, AEK-k eta Korrikak "ongietorri bero eta benetakoa eman nahi diete euskaraz bizi nahi dugunon herrira etorritako guztiei". Uribe Kosta eta Erandion apirilaren 3a eta 4an izango dugu Korrika. Hala ere, aurretik, otsailaren 26an, Galder Perezek idatzi eta zuzendu eta Glu Glu taldeak ekoiztutako "Kanpaiak jo bitartean" antzezlana egongo da ikusgai Kultur Leioako auditorioan, 20:30ean. Argazkian, ezkerretik eskuinera, Jon Maia bertsolaria, Edurne Brouard Korrika 16ren arduraduna, Mertxe Mujika AEKren koordinatzaile nagusia eta Unai Ibarbia Orio Produkzioak ekoiztetxeko kidea, gaurko aurkezpenean.
Euskara ez da galtzen, ez dakitenek ez dutelako ikasten, dakitenek ez dutelako erabiltzen baizik.
http://berria.info/
Batxilergoko curriculumean ere, euskara eskola esparruko hizkuntza nagusi



Batxilergoko ikasketei dagokien curriculuma onartu zuen atzo Eusko Jaurlaritzak, dekretu bidez. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eskola esparruko hizkuntza nagusia izango da euskara, curriculum horren arabera. Halaber, arlo pedagogikoan, derrigorrezko bi irakasgai berri ezarri ditu (Filosofia eta Hiritartasuna, eta Mundu Garaikiderako Zientziak), eta iraileko azterketak kendu ditu. Ofizialki atzo onartu zen arren, abuztuan dekretuaren zirriborroa igorri zien Hezkuntza Sailak ikastetxeei, han ezarritako berrikuntzetara egokitzen has zitezen.

Batxilergoko curriculuma onartu ostean, 0 eta 18 urte bitarteko hezkuntzako ildo pedagogikoak ezartzea lortu du Hezkuntza Sailak. Izan ere, azken asteetan Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako curriculumei dagozkien dekretuak onartu ditu Jaurlaritzak.

jueves, 29 de enero de 2009

http://berria.info

Berria.info-tik hartutakoa 2009-01-29

Interneten .eus domeinua sortzeko hautagaitza aurkeztu dute

"Euskarak erronka berri bat du: Interneten bere izen propioa sortzea. Interneten, izena eta izana elkarrekin baitoaz. Interneten, izenik ez duena, ez da. Eta hori da euskararen eta euskal kulturaren komunitatearen erronka berria: Interneteko eremu birtualean nazioarteko aitorpena eskainiko dion ikur edo sinboloa sortzea: .eus domeinua". Hala dio PuntuEus Elkarteak, eta .eus domeinua sortu ahal izateko hautagaitza aurkeztu duela jakinarazi du. "Lana emango du sortzeak", esan dute.ICANN Interneteko domeinuak administratzen dituen nazioarteko erakundeak .eus domeinua onar dezala da PuntuEus Elkartearen helburua, eta horretarako, hautagaitza aurkezteaz gain, herritarrei eta Internet erabiltzaileei dei egin diete hautagaitzari beren atxikimendua eman diezaioten.PuntuEus Elkartea 2008ko apirilaren 2an eratu zuten, eta gaur goizean aurkeztu dute, Bilbon, Euskaltzaindiaren egoitzan. Hainbat elkartek edo erakundek hartu zuten parte sorreran, hiru arlo nagusitan banatuta: euskalgintza, hezkuntza eta komunikazioa.Haien ustez, euskarak eta euskal kulturak "Interneteko berarizko aterpe teknologikoa" izango dute. "Ikur hori euskara eta euskal kultura sustatzeko tresna izango da eta, hori horrela, .eus domeinua mundu mailako hizkuntz normalkuntzarako tresnatzat ulertzen dugu, domeinuak, Interneteko espazio birtualean, euskara beste hizkuntzen mailan kokatzen baitu. Are gehiago, .EUS domeinuak euskara lehen mailako hizkuntza bihurtzen du Interneten, mundu mailako aitorpena eskainiko baitio eta hura sustatzeko bitarteko eraginkor bihurtuko baita".Estaturik gabeko beste nazio batzuek badute euren domeinua. Kataluniaren kasua da horietako bat (.cat domeinuari esker), nahiz eta ez duen nazio osoa (Herrialde Katalanak) barne hartzen.