miércoles, 4 de febrero de 2009

Bai Euskarari Akordioa Herrietan mintegian esperientziak trukatzeko aukera izan dute euskalgintzako kideek

http://ukberri.net/


Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak antolatutako mintegian (argazkian), esperientziak trukatzeko eta elkarren berri izateko aukera izan dute Bai Euskarari Akordioa Herrietan egitasmoan parte hartzen duten herrietako euskalgintzako kideek. Agurainera gerturatu diren Euskalgintzako 25 kideen lan moldeak hobetzeko asmoarekin, komunikazio, segimendu eta eragite lanean abiatu dituzten ekimenen berri eman diote elkarri. "Bide batez, zenbait herrik martxan jarritako proiektuak azaldu dituzte eragileek, horiek gainerako herrietara hedatzeko asmoz", argitu dute Kontseiluko ordezkariek. Mintegiak bi zati izan ditu. Alde batetik, eragite lana aztertu dute, hau da, kideek beren esperientziak trukatu dituzte, besteak beste, "proiektu arrakastatsuenen azalpena edo erraz burutu daitezkeen egitasmoena", azaldu dutenez.

Lurralde guztietako ordezkariek izan dute beren esperientzia aurkezteko parada. Arabari dagokionez, Aguraingo herriko institutuan, proiektua gazteei hurbiltzeko asmoz egindako lana aipatu dute. Gipuzkoan, berriz, Soraluzeko kideek antolatu berri duten Normalkuntza Eguna aurkeztu dute. Horren helburua, eragileek euskara eguneroko lanetan nola erabiltzen duten azaltzea da.

Nafarroako eta Iparraldeko kideek, aldiz, zozketa desberdinak izan dituzte hizpide: Bortzirietako zozketa nafarrek eta Azkaingo zozketa iparraldekoek. Azken horiek gainera, gazteentzako marrazketa lehiaketa ere antolatu dute. Azkenik, Bizkaia aldetik, Lea-Artibaiko eragileei banatu dieten sektorekako hiztegia aurkeztu dute.

Bigarren zatia

Mintegiaren bigarren zatian, Bai Euskarari Akordioa Herrietan egitasmoa aztertu dute kide guztien artean. Izan ere, Kontseiluko Zuzendaritzak erabaki zuen iazko abenduan, herrietan garatuko den dinamika zehatzaren plangintza euskalgintzako kideak kontuan harturik egingo zela. Kontseiluko bazkideek eta herrietako euskalgintzako kideek elkarrekin definituko dute aurrerantzean jarraitu beharreko bidea. Prozesua errazteko asmoarekin txostena banatu zaie partehartzaileei. Era berean, Kontseiluaren antolakuntza eredua ere landuko dute. "Antolakuntza guztion artean hobetu dezakegu", adierazi dute antolatzaileek.

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua.

No hay comentarios: