Berria.info-tik hartutakoa 2009-01-29
Interneten .eus domeinua sortzeko hautagaitza aurkeztu dute
"Euskarak erronka berri bat du: Interneten bere izen propioa sortzea. Interneten, izena eta izana elkarrekin baitoaz. Interneten, izenik ez duena, ez da. Eta hori da euskararen eta euskal kulturaren komunitatearen erronka berria: Interneteko eremu birtualean nazioarteko aitorpena eskainiko dion ikur edo sinboloa sortzea: .eus domeinua". Hala dio PuntuEus Elkarteak, eta .eus domeinua sortu ahal izateko hautagaitza aurkeztu duela jakinarazi du. "Lana emango du sortzeak", esan dute.ICANN Interneteko domeinuak administratzen dituen nazioarteko erakundeak .eus domeinua onar dezala da PuntuEus Elkartearen helburua, eta horretarako, hautagaitza aurkezteaz gain, herritarrei eta Internet erabiltzaileei dei egin diete hautagaitzari beren atxikimendua eman diezaioten.PuntuEus Elkartea 2008ko apirilaren 2an eratu zuten, eta gaur goizean aurkeztu dute, Bilbon, Euskaltzaindiaren egoitzan. Hainbat elkartek edo erakundek hartu zuten parte sorreran, hiru arlo nagusitan banatuta: euskalgintza, hezkuntza eta komunikazioa.Haien ustez, euskarak eta euskal kulturak "Interneteko berarizko aterpe teknologikoa" izango dute. "Ikur hori euskara eta euskal kultura sustatzeko tresna izango da eta, hori horrela, .eus domeinua mundu mailako hizkuntz normalkuntzarako tresnatzat ulertzen dugu, domeinuak, Interneteko espazio birtualean, euskara beste hizkuntzen mailan kokatzen baitu. Are gehiago, .EUS domeinuak euskara lehen mailako hizkuntza bihurtzen du Interneten, mundu mailako aitorpena eskainiko baitio eta hura sustatzeko bitarteko eraginkor bihurtuko baita".Estaturik gabeko beste nazio batzuek badute euren domeinua. Kataluniaren kasua da horietako bat (.cat domeinuari esker), nahiz eta ez duen nazio osoa (Herrialde Katalanak) barne hartzen.
No hay comentarios:
Publicar un comentario